XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

b. Esan bezala, Oihenartek ez ditu inoiz ere h- ez -h- mutuerazten.

Hauxe esan nahi dugu: bertsoa behar bezalako neurrikoa gerta dadin, ez da inoiz ere berak idatzitako h-rik ezdeustzat jo beharrik; aitzitik, fonema bizia da eta bi silaba bereizten ditu beti, Etxeparerengan inoiz edo behin gertatzen ez dena.

c. Oihenartentzat eman dizkigun olerkietako lerro bakoitza bertsoa da eta bertso bakoitzaren buruan eten osoa gertatzen da.

Hots, buka daiteke bertso bat vokalez eta hurrena vokalez has; ez du haatik bata bestearekin inoiz elkartuko Eta ordez ta behin bakarrik idatzi du, oker ez banago, gure poetak eta, hain zuzen, bertso baten hasieran, aurreko bertsoa vokalez bukatua delarik: 16,36.

d. Hasieran ikusi dugunez, Oihenartek elisioa eta sineresia beti bete behar direla irakasten du; ez du, ordea, beste legerik ezarri, rimaz kanpo, eta horrenbestez beste puntu guztietan aukera ematen dio poetari eta bere buruari.

Esate baterako, deklinabidean eta hitz barnean eta aditz jokoan lehen seinalatu ditugun aldakuntzen ondoan bertso pilo handia aipa daiteke, horrelako aldakuntzarik gerta zitekeelarik, de facto gertatzen ez eta haiek gabe zuzen eta oso denik.

8. Azken puntu honetaz zerbait gehiago esan behar da, goiko horiek poetaren metrikaren bereizgarri orokorrak baitira eta, nornahik pentsa dezakeenez, bereizgarri horien kontrakorik ager baitaiteke aldiz behin, Oihenarten beraren edo inprimalariaren hutsez.

Har dezagun, esate baterako, I,30: Ezenthoske ehois ere.

Zortzi silaba behar ditu, beste ahapaldietako bigarren bertsoek erakusten digutenez.

Lehenxeago, a. puntuan, esanari bagagozkio, ordea, -e e- elkartzen baditugu, Oihenartek beti elkartzen dituenez, zazpi baizik ez ditu.

Ezenthoske-k dudarik gabe ` behar du, galdea baita eta galdeari dagokion -a falta baitu; Oihenartek, agian, -a hori ehois-i lotzen zaiolarik, -a kendu eta ` ipini zuen, facsimilek ez baldin badu ere, eta falta duen ` horrek galerazten du, goian esan bezala, bi -e e- horiek elkartzea.